1936ko gerrako biktimei omenaldi hunkigarria eskaini diete Beran
Argaitzeko harrobian plaka eta murala bistarazi eta lore eskaintza egin dute eta Herriko Etxeko plazan, eskultura inauguratzeaz gain, Aurreskua, abestiak eta esker oneko hitzak eskaini dizkiete orduko errepresaliatuei eta senideei
erran.eus * E.H
Azken urteotan hainbat herritan –tartean Beran– 36ko gerran izandako jokaera eta krimen gaitzesgarriak saihesteko asmoz eta berriz gerta ez daitezen, bakea, erreparazioa, ideien defentsa baketsua eta aniztasun errespetuaren alde lan egin da. Horren harira, Berako Udalak omenaldi hunkigarria eskaini die orduko biktimei eta beraien ondorengoei, azaroaren 18an egindako ekitaldian.
Ekitaldiak bi gunetan banatu zituzten, Argaitzeko harrobian eta Herriko etxeko plazan. Argaitzeko harrobian lore eskaintza egin zitzaien biktimei, harresian Nahia Senper, Nerea Fagoaga eta Andrea Gouraud herriko artistek margotutako murala bistarazi zuten, Pettiren ahots bikaina aditu zuten eta Berako harrobian gertatutakoaren informazio panelaren aurkezpena ere egin zuten. Gertatutako testigantzen pasarte batzuk ere irakurri zituen Jon Abri aurkezleak. 1936ko irailetik 1937ko urtarrilera 130 lagun baino gehiago fusilatu zituzten harrobian, Nafarroan fusilatu gehien izan ziren lekua toki memorialistiko izendatzea espero du Berako Udalak. Izan ere, 96 urterekin ekitaldian egon zen Paco Perez Lusarreta, Gernika Bataloiko gudariak bere garaian erran zuen bezala, «memoriaren etsaia ez baita denbora, isiltasuna baizik». Solas horiek berreskuratu zituen Jon Abrilek aurkezpenean.

Harrobitik herrira, eguerdian Herriko Etxeko plazan, Donamariako Mikel Iriarte Antxorena eskultoreak egindako oroitarri baten inaugurazioa egin zuten eta egileak berak artelanean irudikatu nahi izan duena azaldu zuen: «Korten altzairuan egindako lan honetan, elkar besarkatzen duten bi pertsona irudikatu nahi izan ditut, eta plazako harlauzetan, ahantzien oroigarri diren xafla batzuk ere ezarri ditugu, baita Ibardin aldera bideratuak dauden oinatzak ere, 1936an ihes egin behar izan zutenen bidea irudikatuz». Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak, Alvaro Baraibarrek eta udaleko ordezkariek, Josu Iratzoki alkateak eta Aitor Elexpuru kultura zinegotziak hartu zuten hitza, baita errepresaliatuen senideek eta ondorengoek ere, Bergaran bizi den Ane Miren Seminario, 1936an fusilatu zuten Cesareo Seminario taxi-gidariaren bilobak eta Silvia Mazizior, ihes egin behar izan zuen Eloy Aldazabalen bilobak, hain zuzen. Nafarroako Parlamentuko ordezkari, ekitaldian izan ziren Dabid Anaut (EH Bildu) eta Virginia Aleman (Geroa Bai). Ohorezko aurreskua, Kattalin Berasain Goia eta Suharri Iratzoki Senper, errepresaliatuen birbilobek dantzatu zieten omenduei, Katti Irastortzaren bibolinaren doinupean eta bukatzeko Berako abesbatzak ere Isidoro Fagoaga (hau ere, Gurs-en preso egon zen Berako tenore ezaguna) eta Agur Jaunak abestu zituen. Ekitaldi hauek guztiak Berako Udalak antolatu ditu, herritar talde batekin batera eta Nafarroako Gobernuak ere diruz lagundu du.
Hasiera batean, harrobitik herrirako bidean, Bidasoa karrikako etxebizitza batzuetan oraindik ageri diren ikur frankistak kentzeko asmoa zuten, baina hori aste honetan eginen dutela aipatu zuten.

Publicado 19th November 2018 por