Carmen Garcia Pellonek aurtengo Pozu Fortuna sari asturiarra jaso zuen atzo. Fusilatutako errepublikazale baten 91 urteko alaba hau auzitara eraman zuen Esako alkate ohiak, dibulgazio lan batean Isidoro Martinez alkate frankistari buruz esandakoengatik.

IBAI AZPARREN

Ez dauka mihian herdoilik Carmenek. «Nik fusilatuko zaituztet, nire semearekin adostu duzue elkarrizketa hau eta ustekabean harrapatu nauzue», esan dio GARAri 91 urteko emakumeak txantxetan. Baina elkarrizketetara ohituta dago Garcia. Bere izena hedabideetan agertu zen, 1936 eta 1945. urteen artean emakume nafarrek bizi izan zuten errepresioan sakontzeko Historia irakasle eta ikertzaile Nekane Ruanok burututako ikerketa batean emandako bizi-testigantzak hartutako norabide gatazkatsuagatik.

Oroimen familiar eta kolektiboa jasotzen zuen lekukotzan 1936. urtean Esako herrian bizi izan zuten egoera salatu zuen; atxiloketak, torturak, fusilamenduak, baita egoera horrek sortutako ondare arloko ondorioak zein ondorio ekonomikoak ere, halaber alderantzizko ondorioak eragin zituztenak biktima eta borreroentzat.

«Mariano eramango dutela diote». Zurrumurru hori zabaldu zen herriko kaleetan. Baita ziurgabetasunak eragindako beldurra ere. Hala ere, Mariano Garcia Illazorzak, Esako zinegotzi, nekazari eta UGTko kideak ez zuen ihes egin nahi. Aukera izan zuen, gertatzear zegoen sarraskia aurreikusi zuen senide batek taxi batean eraman nahi izan zuenean. Baina ez zuen ihes egin nahi.

Burugogorkeria hori aitagandik jaso du Garciak, agian. Apenas zortzi urte zituen etxean bi guardia zibil aguazilarekin batera agertu eta aita herriko kuartelera eraman zutenean. Amarekin bisitatu zuen ordu batzuetara. «Bertan zeuden atxilotuak, mahaira kate batekin lotuta, txakurrak bezala», gogoratzen du Garciak. Bestetik, amaren hitzak: «Emaiozu musu bat, azkeneko aldiz ikusiko duzu gaur». Etxeko leihotik, erne, zelatatzen zuten kuartela. Pertsianen artetik ikusi ahal izan zuten nola, goizaldeko 02.00 aldera, atera zituzten, ustez beste kuartel batean deklaratzera eramateko. Esako atxilotuak fusilatu eta Elo herritik gertu dagoen hobian utzi zituzten. «Amak arrazoi zuen», argitu du Garciak. 70eko hamarkadan Eloko bizilagun batek gorpuzkiak non zeuden esan zien, baina bizpahiru hezur baino ez zituzten aurkitu. «Ez genuen asko aurkitu eta beldurragatik ez genuen indusketarekin jarraitu», kontatu du Esako emakumeak.

Oroimen historikoari buruzko Ruanoren dibulgazio lan batean azaldu zuen pasarte hori Garciak, eta agintari faxisten erantzukizuna salatu zuen. Isidoro Martinez alkate frankistak lursail zati bat kendu ziela ere salatu zuen. 1936an, eledun errepublikazaleak erail eta udalbatza desegin ostean izendatu zuten Martinez Esako alkate. Garciaren esanetan, herriko errepublikazaleen lurrak agintari berriaren eskuetara igaro ziren: «Agian berak ez zuen asasinatu, baina Esako herri-lurrak beretzat hartu zituen».

2019ko Pozu Fortuna saria

Maiatzean bake-epaitegian deklaratu behar izan zuen Garciak, Martinezi buruz esandakoengatik. Hain zuzen, aurreko legegintzaldiko alkateak aurkeztu zuen salaketa, Roberto Martinezek, orduko alkatearen biloba eta Independientes por Yesa taldeko zerrendaburuak. Ez zuela atzera egingo azpimarratu zuen esarrak eta azkenean beste kereila bat jartzea baztertu zuen Martinezek.

Egia duinki defendatzeagatik eta oroimenarekiko konpromisoari eusteagatik eman zioten atzo Foro Pozu Fortuna elkarteak eta Miereseko Udalak (Asturias) Pozu Fortuna saria. Yerba Segura Suarezek aurkeztu zuen hautagaitza, Asociación de Familiares y Amigos de la Fosa Común de Tirañaren izenean, eta Ruano ikertzailearekin batera. «Bere bizitzaren historia berretsi zenean erakutsi zuen jarrera gogor eta sendoagatik hautatu genuen, eguneroko bizitzan horrek eragin dituen ondorioak kontuan hartuta», azaldu dio historialariak GARAri. Era berean, Segurak dio sariak zentzua daukala «adineko andre baten kemenari aitorpena eta sostengua ematen zaiolako». Hautagaitzaren aurkezpenean, Garciaren historia azpimarratuz, honakoa azaldu zuen Segurak: «Biziraun dutenen eta memoria dutenen erreferente kolektiboak sortzeko aukera dago».

Sari hau kritika elementu izan daitekeela argudiatu zuten biek. Izan ere, inpunitate egoeran sostengatzen den arkitektura juridiko espainolak «birbiktimizazio iraunkorra onartzen du, mekanismo sozial eta instituzionalen bidez».

Bestalde, Miereseko Oroimen Demokratikoko zinegotzi Sergio Gutierrezek Garcia «hautagai egokiena» dela dio, iraganean sufritutakoaz gain, «gaur egun pairatu behar izan duen errepresioagatik, herriko alkatearekin duen auziagatik, hain zuzen ere». Zinegotziak kontatu duenez, atzoko ekitaldian Pozu Fortuna elkarteko presidente Jose Maria Prietok eta Miereseko alkate Anibal Vazquezek hartu zuten hitza lehenik eta ondoren saria eman zioten Carmen Garcia Pelloni.

Asturiasera bidaiatu aurretik, ordea, Garciak ez duela «inolako saririk» nahi nabarmendu zuen; «soilik egia esan nahi dut; irabazleek egin zutena salatu nahi dut, nire amak egunero negar egiten zuela». Bakarrik bizi da Esako etxean eta kasu honen oihartzunak herriko eguneroko elkarbizitzan arazoak sortu zituela aitortu du: «Sarraskian parte hartu zutenen oinordekoek arbuioz begiratzen didate». Berarekin kartetan aritzen ziren lagunek jolasteari utzi diotela gaineratu du Carlosek, Garciaren semeak. Nafarroako Gobernuak martxan jarritako hainbat indusketatan parte hartua da amarekin, eta horietan gorpuzkiak aurkitzeko testigantzak funtsezkoak izan direla dio. «Beste batzuk ez ditugu aurkitu beldurra dagoelako, denbora asko pasatu da eta oraindik ere beldurra sentitzea gure egoera ‘demokratikoaren’ adierazgarri da», esan du Garciak. Berak ez zuen beldurrik izan, «txakur horiek denbora luzez makurtuta egotera behartu gaituztelako». Hala ere, argi dauka «txakur horiek» boterean jarraitzen dutela: «Txakur berberak dira, lepoko berarekin. Horrela pentsatzen zutenen bilobek agintzen dute gaur».