Lizasoain. OLTZAKO MUGA

4 eraildak

Herria pasatu eta Oltzara igotzen den errepideari jarraituz, herri horrekin muga egiten duen tokian erail zituzten 4 Mélidakoak. Agustín Urdiciain, Gregorio Valls, Victorino Garde eta Gerardo Vicario. 70ko hamarkada bukaeran egindako lekukotzei esker aurkitu zuten hobi hori:

Uztailaren 18an atxilotu zituzten. Zortzi ziren guztira. Eskoletan giltzaperatu zituzten, maisuen etxeko bigarren solairuko gela batean. […] Teófila Esparza, Agustinen emaztea, bere alaba Juanita orrazten ari zen balkoian goiz batean, etxearen atzealdetik kamioi bat abiatzen ikusi zutenean. Abuztuaren 6ko goizeko 7ak izango ziren. Kamioian Iruñera zihoazen atxilotu guztiak. Kamioitik denak atera, eta esan zieten: ‘Denok libre eta 4 Burgosera’. Lau horiek Lizasoainera eraman zituzten erailtzeko. […] Lizasoaingo alkateak paperak ba al zituzten galdetu zien hiltzaileei, atxilotuak ez hiltzeko ahaleginean. ‘Hartu eta kamioira hori ere’, eta besteekin batera eraman zuten. Alkatearen emazteak tiroak entzun zituen eta hura ere hil zutela pentsatu zuen. Agustín eta Valls hil zituzten lehenbizi. Hirugarrenak, Vicariok, Garderekin batera ihes egin zuen, eta Fatik, Mélidako falangistak, hil zuen.

OLTZA 1936. Víctimas de la represión en la Zendea
liburutik ateratako materiala.
(Altaffaylla, 2016)
Egileak: Jesús Aldaba eta Joaquín Iraizoz.