OROKORRA
“Kontuan hartuko da ekintzak oso bortitza izan behar duela etsaia ahalik eta lasterren menderatzeko. Mugimenduaren aldekoak ez diren alderdi politiko, elkarte edo sindikatuetako zuzendari guztiak kartzelaratuko ditugu, dudarik gabe, eta ereduzko zigorrak ezarriko zaizkie matxino-mugimenduak edo grebak geldiarazteko.“
Mola, konspirazioaren zuzendaria, estatu-kolpearen aurreko hilabeteetan aginduak ematen aritu zen bere kolaboratzaileei. Uztailaren 19an bertan berriro gogorarazi zien Nafarroako alkateei:
“Izua erein behar da, nagusitasun-sentsazioa zabaldu behar da guk bezala pentsatzen ez duten guztiak kezka eta zalantzarik gabe ezabatuz.“
Konspirazioarekin konprometitutako taldeak prestatzen aritu ziren buruzagiaren aginduak betetzeko. Berehala hasi ziren errepublikanoen alderdi, sindikatu, prentsa eta gainerako erakundeen egoitzak hartzen.
Baina ez zuen luze joko okerrenak: egoitzak hartzearekin batera, jendea atxilotzen zuten. Atxilotu batzuk zuzenean erailtzen zituzten. Beste batzuk, berriz, atxilotutako lekuetan giltzaperatzen zituzten: Iruñeko kartzela, San Kristobal gotorlekua eta errekete eta falangistek hiriburuan ezarri zituzten zentro erdi klandestinoak. Handik ateratzen zituzten zaintzaile harroputzek, Gobernadore Zibilak edo espetxeko beste arduradunen batek sinatutako aske uzteko agindu-simulakroaren ondoren. Horrela, Nafarroa hobiz betetzen joan zen. 120 bat aurkitu dira dagoeneko.
3.600 nafar baino gehiago euren ideiengatik doilorkeriaz hil zituztela kalkulatzen da. Haien gorpuak landan utzi zituzten, eta hobi inguruko herrietako bizilagun izutuek lurperatu behar izan zituzten.
Gure zendea, hiriburu inguruko beste hainbat zendea eta ibar batzuk bezala, krimen horietako askoren tokia izan zen. 9 hobi aurkitu dira bertan: Arazuri; Asiain (Burdinazko zubia); Ibero (Hiru Gurutzeak); Ibero (Lapurren zubia); Lizasoain (Oltzako muga); Lizasoain (Zubimakurra zubia); Ororbia (Hilerria); Ororbia (Zehaztugabea) Ororbia (Lezkairu).
Errepresaliatutako 112 pertsonari buruzko informazioa aurkitu da, horietako 73 erailak. Dozena bat herritakoak ziren: Zendea bertakoak, Atarrabiakoak, Burlatakoak, Iruñekoak, Larragakoak, Mélidakoak, Uharte Arakilgoak, Izarbeibarkoak, Obanoskoak, Ondarroakoak, Caparrosokoak eta Berbintzanakoak. Erailketa gehienak Altxamenduaren ondorengo lehen hilabeteetan gertatu ziren.
Errepresaliatu asko alderdi errepublikanoetakoak (PCE, PSOE, Ezker Errepublikanoa, EAJ, EAE), eta erakunde sindikaletakoak ziren (UGT, CNT, ELA-STV). Beste batzuek ez zuten izaera politiko aitorturik. Guztiak izan ziren kolpearen aurreko hilabeteetan ezin hobeki diseinatutako izu- eta eskarmentu-kanpaina baten biktimak.
Sarraski haren ondoren, isiltasuna eta ahanztura nagusitu ziren, diktadura frankistak sortutako beldurrezko giroan. Gezur- eta larderia-garaiak izan ziren. Familia errepublikanoak isilik egotera kondenatuta zeuden, hitz egin edo protestatzen bazuten hobietan lurperatuta zeudenei gertatu zitzaien gauza bera gertatuko zitzaien mehatxupean.
Mehatxuak mehatxu, pertsona batzuek bizirik eutsi zioten gertakari haien oroitzapenari eta ekintza arriskutsuak ere egin zituzten euren familiakoen eta lagunen gorpuak erreskatatzeko.
Azken urte hauetan, memoriaren taldeei eta beste laguntzaile askori esker, biktima haien memoria berreskuratu ahal izan da, hainbat hamarkadatako diktadurak inposatutako ahanzturatik libratuz. Juan Pedro Herranzi Ororbian hil zioten aita, eta Etxaurin Paco eta Angel anaiak. Honela zioen Etxauriko memoriaren parkearen inaugurazioan, maitasun ikaragarriarekin eta samintasun handiarekin:
“Kamaradak, gaur desagertuta egoteari utzi diozue. Badakit entzuten didazuela. Angel eta Paco, hilerriko ate aurrean erail zintuzten Ostegun Santu bezperan. Ez zintuzten lurperatu, aste santua zelako eta ezin zelako lan egin. Apaizaren baimenaren zain egon ziren. Gure ama 1978an hil zen, diktadorea hiltzean arekak irekitzeko itxaropenarekin. Ez zen halakorik gertatu. Alderdien arteko itunak galarazi zuen. Alderdi horietako bat zuena zen. Angel eta Paco, bizia eskaini zenioten alderdiak traizio egin zizuten; areketan utzi zintuzten, gerrako kriminalek kutsatutako gobernuak onartuz.
Angel eta Paco, oso paraje politean zaudete, zuen aita dagoen lekutik oso hurbil (hala uste dut eta jakingo dut).
Ahanzten ez zaituzten familia duzue. Politika instituzionaleko pertsonaia maltzurrek entzun ezin dituzten gauzak kontatuko dizkizuet. Ezta zuen alderdikoek ere. Etsai gisa arriskutsuak direlako.“
Orain, kolpea hasi eta 80 urte geroago, hobien mapa bat egin da, hainbat gorpuzki hobitik atera eta identifikatu dira eta Memoriaren Parkea altxatu da haien oroitzapena betikotzeko eta gerra- eta diktadura-garaian errepresioak eragin zuen izua ezagutzera emateko.
liburutik ateratako materiala.
(Altaffaylla, 2016)
Egileak: Jesús Aldaba eta Joaquín Iraizoz.