1936ko UZTAILAREN HASIERAN IRITSI ZEN LODOSARA ANASTASINITARREN ZIRKUA

Anastasinitarren zirkuarekin gertatu zena, 1936ko errepresioaren testuinguruan, misteriorik handienetako bat da. Izan ere, 50 pertsonan inguru mugitzen zuen zirku handia iritsi zen Lodosara Estatu kolpe faxista baino egun batzuk lehenago. Altxamenduak beraz, gatazkaren zurrunbiloan sartu zuen zirkua eta gaur egun, oraindik ere, ez da zehaztasunez ezagutzen zer gertatu zen zirkuko langile askorekin.

Iturria: Hamaika TB

Nafarroako Erriberan ez da ohikoa elefante bat ikustea. Are gutxiago, bakarrik eta galduta badabil. Hori pentsatuko zuten ziurrenik, 1936an, Lodosako haurrek. Izan ere, gerra abiatu zen egunean bertan, zirku batek emanaldia izan zuen herrian; eta, gero, desagertu egin zen. Uztailaren 18aren ondorengo egunetan, zirkuko kide gehienak fusilatu zituzten Francoren tropek —40 eta 50 lagun artean izan zirela uste da—, eta, herritarren harrigarri, bertan utzi zituzten elefante bat eta beste zenbait animalia eta material.

Larragako bizilaguna da Jesus Nieto, memoria historikoaren alde lanean diharduen Maravillas Lamberto elkarteko kidea, eta gaztea zenetik dauka gerra garaiko zirku baten desagerpenaren berri: «Nik 20 bat urte nituenean [1970 inguruan] hasi nintzen zerbait entzuten, San Gilen [Larraga eta Lerin artean dagoen landa eremua] zirku bateko emakume eta haur fusilatuen gorpuak zeudela lurperaturik. Ordura arte, oso gai sekretua zen fusilatuena». Larragan, ordea, 47 fusilatu daude 36ko gerratik, eta zirkuaren gaia urrutiago gelditu zaie beti.

Istorioa anitz urtez isilpean mantendu da. Inork ez du biktima horien inguruan galdetu, eta ez dago izenik. 2012. urtean, ordea, Javier Ayape eta Mari Jose Sagasti elkarteko kideekin batera, zirkuaren gaia ikertzen hasi zen Nieto. «Istorio horretan egiazko zer zegoen jakin nahi nuen».

Kondaira baino gehiago

Ikerketarekin hasi eta berehala, Larragako Eliseo Larrañegik lehenengo datuak eman zizkien. 12 urte zituenean, gizon batekin lurra lantzen ibiltzen zen Larrañegi. 1948ko egun batean, bazkalostean, gizona siestan zegoela, haurra habien bila joan zen, eta, orduan, ilez betetako gorpuen ilara bat aurkitu zuen; buru handi eta txikiak zeuden, helduenak eta umeenak. Antza denez, aurreko egunetan lurrak lantzean atera ziren gorpuak, eta han utzi zituzten. Larrañegik bere aitari baino ez zion kontatu ikusitakoa, baina errepresaliatu familia batekoak ziren, eta, frankismo garaian, beldurrez, isilik gelditu ziren.

Larragako beste bizilagun bat ere gertatutakoaren lekuko izan zen. 8 urte zituen, eta 1936ko uztailaren 25aren bueltan, goizean goiz, aitarekin lanetik itzultzen ari zen oinez herrira. Lerindik zetorren kamioi txiki bat ikusi zuten San Gileko eremuan sartzen. Ezkutatu ziren, eta tiroak eta oihuak entzun zituzten. Izututa etxera joatea erabaki zuten, eta, bidean, Larragako lau gizonekin topo egin zuten: hobirantz zihoazen pala eta aitzurrekin, hildakoak lurperatzera. «Larragan, herri guztietan bezala, bertako 90 kolpista inguru gelditu ziren: herria zelatatzeko, hiltzeko… Lan horietarako. Fernando Mikelarenaren Sin Piedad liburuan ematen diren 45 kolpistaren izenen artean, lau gizon haietako biren izenak agertzen dira», gaineratu du Nietok.

Zirkuaren istorioa kondaira hutsa ez zela ikusi zuten horrela Maravillas Lamberto elkarteko kideek. Informazio gehiagoren bila, Lodosako Udalera jo zuten. Udaletxean esan zieten ez zegoela zirkuari buruzko aktarik 1936ko uztailaren 18ko agirietan, ez zekitela ezer. Halere, jaiotza aktak begiratu zituzten, eta 1936ko abuztuko jaiotza baten berri aurkitu zuten: Jaime Eduardo Gutierrez Puig izeneko umearena. Gurasoak zirkuko artistak ziren; beraz, zirkua Lodosan egon zela esan nahi zuen horrek. Aldi berean, udaletxean zegoen gizon heldu batek zirku hitza entzun eta berak oroitzen zuela esan zien; elefante bat zegoela. «Beti pentsatu izan nuen aipatzen zen zirkua komedianteena zela, gurdi batekin zetorren ijito familia batena, baina ez», azaldu du Nietok.

Izen baten beharra

Hortik aurrera, Lodosako jende helduarekin harremanetan jartzen hasi ziren: zirkuaz oroitzen ziren asko. Ikerketarako giltza, ordea, zirkuaren izenaz gogoratzen zen gizon batek eman zien. Nietok emozioz kontatzen du momentu hartan gizonaren testigantza grabatzen ari ziren hiru lagunak nola gelditu ziren «txundituta» zirkuaren izena entzutean. Circo Anastasini zuen izena, eta italiarra zen. Espainiak Afrika iparraldean zuen protektoratutik zetorren, ordea. «Gizon hark sekulako informazioa eman digu», azpimarratu du Nietok.

Hala ere, ikerketa horretako egun bakoitza «sorpresa kutxa bat» dela esan du Larragako bizilagunak. Izan ere, Mendabian zirkuko kideen beste hilobi bat dagoela jakin dute. 1978an irekitako La Caballera hilobian agertutako 28 gorpuetatik asko zirkuko partaideenak direla uste dute Mendabiako helduek.

«Orain dugun arazoa da oso zaila dela jakitea nor diren pertsona horiek. Inork ez ditu desagertutakoak erreklamatu», gaineratu du Nietok. Marokokoak izan zitezkeela uste dute ikertzaileek, jende txiroa, gizarteak baztertutakoak. Izenik lortu ezean, ordea, ezingo dute ziurtasunez jakin. Dena den, arazoa orokorra dela berretsi du Nietok: «Memoriaren gauza asko kontatu digutenagatik dakizkigu, ez dago zuzeneko lekukorik. Fidatu beharra dugu».

Zirkuko kide guztiak ez zituzten hil, ikuskizunak funtzionatzen jarraitu baitzuen. Ikerketan dabiltzanak Anastasini familiaren ondorengoekin harremanetan jarri dira. 1936an zirkuaren jabe zena bizirik atera zen Lodosatik. Haren seme Renato ondo oroitzen da aitak kontatutakoaz. Lehen Mundu Gerran egona zen hura, baina esaten zuenaren arabera, «Lodosako gauean bezain gaizki ez zuen inoiz pasatu».