JOSEFINA LAMBERTO, AGUR ETA OHORE
Josefina Lamberto hil da, oroimen historikoaren defendatzaile eta Maravillas Lambertoren ahizpa
Atzo hil zen, 93 urte zituela. Maravillas Lambertoren ahizpa izateaz gain, Nafarroako oroimen historikoarne alde borrokatzeagatik zen ezaguna.
Josefina Lamberto hil da, Nafarroan oroimen historikoaren alde lan gehien egin duen figura esanguratsuenetako bat. Atzo hil zen, Erruki Etxean, 93 urte zituela.
Vicente Lambertoren alaba eta Maravillas Lambertoren ahizpa izateagatik ere zen ezaguna Lamberto: bai aita eta bai ahizpa eraman eta hil egin zituzten falangistek, 1936ko gerra betean. Geroztik, bere familiaren historia bere egin eta errepresioaren aurkako borrokaren irudi izan da Lamberto-Yoldi sendiako ahizparik gazteena.
Larragan (Nafarroa) jaio zen, 1929. urtean. Ama, Paulina, Alloko etxekoandre bat zen, eta aita, Vicente, herriko nekazari sozialista. Zazpi urte besterik ez zituen 1936. urtean aita eta ahizpa hil zizkiotenean.
Oroitzapen iltzatuak
2014. urtean, Josefina Lambertok BERRIAko orrietan kontatu zuen falangistek aitari eta ahizpari zer egin zieten: «Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz».
Bilatu eta bilatu, baina Josefinak ezin izan ditu aurkitu Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuzkiak. “Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten. Ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat usteldua zegoen, eta erre egin ei zuten”.
Ikusi gehiago: «Nire aita aurkitu nahi nuen, ez besterik, baina ez zidaten utzi»
‘Florencia’, isiluneen deiadarra
Kontakizun latz hori irudien bitartez kontatzen du Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileen Florencia ikus-entzunezkoak. 2020an aurkeztu zuten, eta oinarrian dagoen bizipenaren gogortasunari erantzunez, ezin adierazgarriagoak diren isiluneak jaso zituzten dokumentalean ere. «Izugarri ukitu naute Josefinaren isilune horiek; hainbat segundoz gelditzen zen begirada galduta, auskalo zein oroitzapenera iltzatuta», nabarmendu zuen Virginia Senosiain egileak Nafarroako Hitzan.
«Oparitzat» jo zuen Lambertoren testigantza jasotzeko aukera eduki izana, eta zehaztu errepresioaren inguruko Insurgencia (Insurgentzia) dokumentalerako egindako elkarrizketa izan zela Lambertori buruzko lanaren abiapuntua: «Sei-zazpi minutuko elkarrizketa egitera joan, eta ordu eta erdiko solasaldia oparitu zigun».
Inork ahantzi ez dezan
«Norbaitek oroituko ditu etorkizunean / ahanzturaren zingira honetan gertatuak», dio Berri Txarrak taldearen Maravillas kantuak. Florencia dokumentalaren antzera, Vicente Lambertori eta batez ere bere alaba Maravillas Lambertori gertatu zitzaiena azaltzen du abestiak. Kontakizunaren nondik norakaok xehatzen ditu, eta egun horretan gertatuak ahanzturan gelditu ezin dutela nabarmentzen.
Kantuaren letra, osorik:
Ostikoz bota digute atea
zein dira deitu gabe datozenak?
Zer nahi dute aita, zuzenean zuri begira?
Zein dira oihuka mintzo direnak?
Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan gertatuak
Ikara bortxaren bigarren izena
zein dira deitu gabe datozenak?
Gogoan dut orain aspaldiko aholkua:
ez fida herraren mirabe denaz
Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak
abesti berriren batean
zuhaitz zaharren azaletan
Argaren zilar uretan
Iluntzeetan
Ostikoz bota digute atea
zein dira deitu gabe datozenak?
Agur ahizpak eta senitarteko guztiak
agur lagunak eta jolasten ginen tokia
adio ene Larraga maitea
Norbaitek oroituko ditu etorkizunean
ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak
abesti berriren batean
zuhaitz zaharren azaletan
Erriberako izarretan
Nafarroan